2013/06/01

12. ASTEA: Bukatu da, se acabó!!!


Begiak ireki, ohetik jeiki....itxaron momentu bat, hau ez da "Brookfield Village"! Hau nire elgoibarko logela da! Ezin azaldu zer nolako sentsazio arraroa izan den momentu hau.

Hala da lagunok, nire abentura amaierara iritsi zen atzo, ostirala. 2 hilabete eta 3 aste etxetik kanpo eman ostean berriz ere nire ohiko bizilekura bueltatzeko ordua iritsi da.

Azken bizipen hauek azaldu aurretik, ordea, nire azken aste honek (6 egun zehazki) eman duena azaltzen saiatuko naiz.

Astelehena lasai antzean hasi nuen, lanik egin behar ez nuenez, gustura lo egiteko aprobetxatu nuen eta. Jeikitakoan, kirol oinetakoak jantzi eta asteburuko gehiegikeri denak bota nituen korrika eginez. Arratsaldean, eguraldi ona zegoela aprobetxatuz, Corken bisitatu gabe nituen txoko batzuk ikustera joan nintzen. Ibilaldi honen helburua, hiriko goi aldeko auzoak ezagutzea zen eta kamera eskuan, hara bertaratu nintzen.

Gustatuko litzaidakeen "argazki perfektua" lortu ez banuen ere, zenbait argazki ateratzeko parada izan nuen, hemen ikus dezakezuen bezala:







Etxera joan aurretik, erdigunera gerturatu nintzen pare bat pinta hartzeko aitzakiarekin. Ondoren, etxera buelta eta horrelaxe bukatu zen astelehena.

Astearterako egualdiaren iragarpena ez zen oso egokia, baina arin esnatu eta nire azken bisita izan dena egiteko aprobetxatu nuen. Egun horretan, kostaldean dagoen "Ballycotton" izeneko herri txiki batera joan nintzen. Honek, 500 biztanle inguru besterik ez ditu eta bertara iristeko autobusak ere oso urriak dira egunean zehar. Hori oso argi geratu zen, bidearen erdian autobuseko bidaiari bakarri ni nintzela ohartu nintzenean. Hala ere, ez nuen aspertzeko betarik izan, leihotik ikusten ziren pasai berdeak ikusgarriak bait ziren. Errepide zigizagatsu bezain geizki asfaltatuetatik barrena, eta ordu beteren buruan, nire helmugara iritsi nintzen.

Herria zapaldu eta bertako itsasargia da lehen ikusten den gauza. Bi irla txiki daude herriaren parean eta horietako batean berau kokatua dago. Bere ikusgarritasuna ez da nolanahikoa eta nire bisita txundituta hasi nuen, bai horixe.

Itsasargia atzeko irlatxoan

Portutxoa
Ballycotton bisitatzearen arrazoi handiena, herriaren bukaeratik hasten den itsaslabarren ibilbidea egiteko grina izan zen, "Cliff Walk" deritzona.


Horrela bada, ibilbidea hasi nuen. Aurreikusitako planak ez ziren guztiz bete, ibilbidea uste baino laburragoa bait zen. Egun osoa nuenez, erritmo lasaian joan nintzen, argazki eta geldiagi ugari eginaz. Hasi eta berehala paisaiaren edertasunaz maitemintzen hasi nintzen eta aurrera egin ahala, lekuarekin aho bete hortz geratu nintzen. Tarteka euri zaparradarenbat pairatu banuen ere, ez zen izan aitzakia ibilbideaz ez gozatzeko. Txamarra ongi lotu, txanoa eta aurrera!!! Eguzkiak ere bere agerraldiak egin zituen, beraz, ezin naiz kexatu. Hiru ordu eta erdi behar izan nituen joan etorria egiteko, baina lehen esan bezala, oso astiro joan nintzen.

Irudi batek 1000 hitzek baino gehiago balio duenez, hona hemen "Ballycotton Cliff Walk"-ean zehar hartutako irudiak. Gozatu:



















Itzultzeko autbousa arratsaldeko 5etan nuenez, denbora asko nuen soberan. Horregaitik, bazkaldu aurretik herriaren beste aldean dagoen hondartzara gerturatzea erabaki nuen. Hondartza berak ez du aipatzeko gauza  handirik, baina han zegoen lasaitasuna aprobetxatuz, bertan bazkaltzea erabaki nuen.




Hondartzan denbora pixka bat eman arren, oraindik bi ordu luze geratzen zitzaizkidan eta bertan sufritu nuen azken txingorrak blai eginda utzi ninduenez, aterpe bila hasi nintzen. Gezurra badirudi ere, herri osoan ez nuen horrelakorik aurkitu. Eskerrak eguraldiak zertxobait hobera egin zuen eta sikatzeko aukera izan nuela. Azken orduak itsasoari begira pasa nituen, nire pentsamenduetan barneratuta.


Arratsaldeko 6etan hirira iritsi eta gaueko irteerarako prestatzen hasi nintzen. An Brog pub-ean "Beer Pong" delako jokua zegoenaren aitzakiarekin, hara bertaratu ginen. Jokatu, jokatu genuen, baina lehen errondan kanporatuak izan ginen Pablo eta biok. Beste garagardo batzuk hartu eta formal antzean etxerako bidea hartu nuen, egun luzea izan bait zen.

Asteazkena, bueltako bidairako gauzak prestatzen eman nuen, etxea garbitzearekin batera. Azken orduan, eguraldi paragebea aprobetxatuz, erresidentziaren zelaietan zerbait hartu eta batera afaltzeko elkartu ginen denok, gure "azken afaria" izango zena antolatuaz.

Osteguna, agurren eguna izan zen. Lehenbizi, nire entrenamenduen lekuko izan diren txoko kuttunenak agurtu nituen, korrika, nola ez. Azken gauzak egin, maleta bukatu eta joan aurretik Corken geratuko den, edo egun hauetan joango den jendeaz agurtzeko parada izan genuen. 23:30tan autobusa hartu eta 82 egunetan bizileku izan dudan hiria agurtzeko unea iritsi zen. Hunkituta, baina egoera berria sinistu gabe, oraindik.

Bidaia luzea izan zen, Corketik Bilbora dagoen distantzia kontuan hartuta, luzeegia. Dublinera joan behar izan genuen hegaldia hartzera. Bertatik Frankfurtera eta, azkenik, Bilbora. Guztira 14 ordu inguruko bidaia, lo egin gabe, gainera.

Euskal Herrira bidean, gure abenturaren amaiera ospatzeko beta izan nuen, ez pentsa!



Familia agurtu, Bizkaiako hiruburura iritsi ginen lagunak besarkatu eta elgoibarrera bueltatzeko unea iritsi zen. Herria antzerako dago, baina ni guztiz galdua sentitzen nintzen. Etxea arraro, ingurua arraro, dena zen "berria". Lo kuluxka bat egin eta gero, familiaz, lagunez eta herriaz gozatzeko aukera izan nuen.

Honenbestez, hauxe da nire abenturaren azken asteak eman duena. Dakizuenez, azken sarrera izango da, esperientzia honen bukaerarekin batera, blog hau bere hortan uztea erabaki bait dut.

Hasiera batean, ez nuen imaginatu ere egingo esperientzia honek eman didana jasoko nuenik. Azken asteetan ohartu naiz abentura honen garrantziaz eta bizitzarako ikasgai handia izango denik ezin uka. Pertsona moduan asko ikasi dut eta hori da nik gehien baloratzen dudana. Kultura berri batean bizitzea, inguru berria, jende berria....lehen egunetan ez da xamurra, baina egunerokotzat hartzen duzunean hori dena, hori da garaipen handiena. Orain nire erronka "txip" hori aldatu eta lehengora bueltatzen jakitea izango da.

 Beraz, oraindik denbora baterako kanpoan bizi izan ez zaretenontzat: Irten kanpora, bizi! Ez zarete damutuko, ez horixe!!!

Agurtu aurretik, nire esperientziaren lekuko izan diren pertsonez oroitzea gustatuko litzaidake. Martxoko egun hotz hartan aurkitu ginen 14 ezezagun haietaz: Danel, Pablo, Olatz, Patri, Luis, Magda, Abel, Marta, Edu, Just, Alaitz, Haizea eta Maddi. Geroago ezagutzen joan naizen jendeaz: Ariane, Kike, Pelayo, Janire, Pedro, Javi, Maria, Andrea...Eta ezin aipatu gabe laga "Edenhall" eta "Deanshall" erresidentzietako jende jatorra, euskaldunak eta ez euskaldunak, denak!!! Norbait ahantzi badut, barkatu!

Jende asko falta da argazkian, zoritxarrez
Den denoi, bihotz bihotzez, nire eskerrik beroenak esperientzia honen parte izateagatik!!!

Bukatzeko, zuri irakurle, eskerrik asko blog hau irakurtzera animatzeagatik!!!

Orain bai, agurtzeko unea iritsi da. Hemen, han edo nonbait aurkituko garelakoan, jaso esazue nire agurrik beroena.

ONDO IZAN! ONDO BIZI!