2013/04/29

7. ASTEA: Gurasoen berotasunean

Kaixo irakurle!

Lehenik eta behin nire barkamena iganderoko zitari huts egiteagatik. Hala ere, badu pisuzko azalpen bat, noski. Gurasoak hemen izan dira eta beraiekin ahalik eta ordu gehien pasatzea izan da nire helburua. Beraz, ulertuko duzuen bezala, atzo blog hau berritzea ia ezinezkoa egin zitzaidan.

Egun bateko atzerapenarekin, baina goazen harira.

Aurreko astearen hasierari, primerako eguraldiarekin ekin genion, hemen nagoenetik eguraldi beroena egin zuen, ziur aski. Berau aprobetxau nahian, lanetik irten ostean, korrika egiteko arropa jantzi eta Corkeko ekialdetik 2km.-ra (etxetik 7 km.-ra gutxi gora behera) dagoen "Blacrock Castle" ingurura joatea zen asmoa. Leku hari argazkiak atera nahi nizkionez, kamera eskuan, korrika entrenamendua eta turismoa uztartu nituen.

Korrika eta turismoa uztartzen

Blackrock ingurua, Lee ibaiak kostaldera egiten duen bidean kokatzen da, portxutxo bat eta gazteluko behatokia dituelarik. Aurrera jarraituz gero, pasealeku eder bat du ibaiaren ertzetik doana, egun eguzkitsu batean bizikletan joateko aparta.

Blackrock Castle

Blackrock Castle Lee ibaiaren ertzean

Corketik datorren pasealekua

Asteleheneko egun lasaigarriaren ostean, gainontzeko egunak ez ziren maila berera iritsi. Bartzelonaren partidako komentarioak eta honi buruzko hainbat adjetibo bazterrean utziko ditut.

Hortaz, ostiralera egingo dut salto, egun honetan iristen bait ziren nire gurasoak Corkera. Beraiekin 4 egun ikaragarri pasa ditut ondoegi tratatu naute eta. Bapo jan eta edan dut eta beraiek ondoan edukitzeak etxera hurbildu nau egun batzuez. Ostiralean eta Larunbatean hiria ezagutzen pasa genuen denbora gehiena. Bertako txoko ezagunenak eta ederrenak erakutsi nizkien, gida on batek egingo lukeen bezala. 

Hegaztia Lee ibaian

River Lee

Kale artea

Cork

Larunbat arratsaldean, Athletic-Bartzelona ikusteko asmotan, Old Oak pub-era gerturatu ginen, bertan Corkeko F.C Barcelona-ren "penya" baitago. Hala ere, bagenekien ordu berean errugby partida bat jokatzen zela, "Heineken Cup" txapelketako finalerdiak, Clermont eta Munster taldeen artean, hain zuzen ere. Munster taldea, izen bereko probintziaren talde nagusia da eta Corkeko konterria bertan kokatua dago. Hortaz, esan daiteke hemengo talde nagusia dela.



Sartu eta berehala, ohartu ginen pub-ean zeuden telebista denetan (ez ziren gutxi) errugbya erretransmitzen ari zirela, gauza logikoa bestalde. Aukera aprobetxatu genuen eta barru barrutik bizi genuen partida, irlandarren garrasi, animo eta algara artean. Galdu egin bazuten ere, horrelako esperientzia bizitzea oso gomendagarria da. Ez dut imaginatu nahi irabazi eta finalerako sailkatuz gero antolatuko zen festa...

Partida jarraitzen

Larunbatean garaiz oheratu ginen iganderako indarrak gordeaz.

Igandean, hau da, atzo, Moher itsaslabarren inguruan egiten den "tour" gidatura joan ginen. Gune hau, irlandako mendebaldeko kostaldean aurki dezakegu, herrialderaren erdigunean gutxi gorabehera. Bertan 214m inguruko itsaslabarrak daude, europako garaienak eta benetan ikusgarriak direnik ezin uka. Ibilbidean, aipatutako lekuaz gain, Limerick hiria, Poulnabrone dolmenak eta Burren harrizko eremua, Doolin herrixka, Lahinch-eko hondartza eta Bunratty gaztelua ikus daitezke.

Ibilbidearen laburpen gisa eta paisaiaren edertasunaz goza dezazuen, argazki eta bideo batzuek erakutsiko dizkizuet jarraian:

Shannon River (Limerick)

Poulnabrone dolmena atzean

Burren harri eremua

Doolin

Cliffs of Moher

Moher itsaslabarra

Familia

Cliffs of Moher

Cliffs of Moher

Inguru ikusgarria atzean

Cliffs of Moher

Bunratty Castle


"Tour"-etik itzuli ostean, atseden pixka bat hartzeko asmotan, gurasoen hoteleko tabernan trago bat hartu eta  bertan afaldu genuen.

Egun luze baten ostean, sari on bat

Gaur, astelehena, gurasoak agurtzeko eguna izan da. Goizean, erosketa batzuk egin ostean, italiar jatetxe batean bazkaldu eta tren geltokira abiatu dira. Penatuta, baina bizitako esperientziaz harro. Niretzat ere agurrak ez dira errazak, baina hilabete barru berriz izango naiz elgoibarren, beraz, ez da denbora asko falta.

Egun hauetako bizipenetaz deskonektatzeko, aspaldi egin ez dudan siesta bota eta egun hauetan hain baztertua utzi dudan etxea garbitzea izan dira nire helburuak. Bihartik aurrera errutinari aurre egitea izango da nire erronkarik gogorrena.

Besterik gabe, hau izan da nire 7. asteak eman duena. Xehetasun denak kontatzea gustatuko litzaidake, baina horretarako denbora eta gogo asko beharko nuke eta ,oraingoz, ez dut idazletzat ikusten nire burua.

Bukatzeko, esan beharra daukat hurrengo asteko sarrera ere astelehenean aurkeztuko dudala, maitzaren 6ko jaieguna aprobetxatuz Dublinera gerturatuko baikara.

ONDO IZAN!!!








2013/04/21

6. ASTEA: Erdibidean

Kaixo irakurle!

Egunak joan eta egunak etorri, nire abenturaren"ekuatorera" ere iritsi naiz. 6 aste pasa dira eta beste 6 aste geratzen zaizkit aurretik nire esperientziari bukaera emateko. Aurreko astean esan bezala, gustatuko litzaidakeen gauza denak egitea zail ikusten dut, baina 3 hilabetek, azken finean, ez dute askoz gehiagorako ematen, gezurra badirudi ere.

Puntu honetara helduta, aste hauen balorazio txiki bat egiteko unea dela begitandu zait.

Bizilekuari dagokionez, hau da, Cork hiriari dagokionez, ezin ezer txarrik aipatu. Herri itxurako hiria da, lasaia eta erosoa. Eguraldia, gurean baino desatseginagoa den arren, hemengo bizitzara ohitzea lan erraza izan da. Leku batetik besterako distantziak nahiko txikiak dira eta bertako jendea, orokorrean, oso atsegina da atzerriko ikasle eta jendearekin.


Bertan ezagututako jendearekin ere oso gustora, inongo arazorik ez dut izan eta horrela jarraitzea espero dut. Bukatzeko, hainbat alditan aipatutako gaia: lana eta praktikak. Hasieran egun zail eta aspergarriak pasatzea ohikoa zen arren, hilabete eta erdi geroago, nahiko pozik sentitzen naiz bertan, etxetik gertu eta ordutegi onarekin. Hainbat alditan lanik gabe eta aspertuta egotea egokitzen zaidan arren, ikuspuntua ez da hasierakoaren berbera, ez horixe.

Balorazioekin jarraituz, blog honek, 6 aste hauetan eman dituen estatistikak plazaratuko ditut.

Corkeriak txokoak, 575 bisita izan ditu orain arte. Hauetako asko, Euskal Herritik izan dira, baina badira beste herrialde askotatik bisita egin duten "Corkerizaleak". Harrituko zareten arren, imaginatuko ez duzuen herrialdeetatik ere jaso ditut bisita horiek, ikus ezazue:


Bisita batzuen jatorria ezagun dut, baina beste asko sorpresa handia izan dira niretzat, Estatu Batuak, Errusia, Alemania eta Estonia kasu.

Datuak alde batera utzira, aste honetako nire gora beherak azaltzeko unea iritsi da.

Astelehenetik ostiralerako egunak normalak izan dira. Asteko lehen eguna aurreko asteko ondoezak errekuperatzeko eta gainontzekoak egunerokotasunean murgilduta. Ostegunean, ohitura bihurtze aldera, pinta batzuk edatera irten ginen. Smithwicks, Guiness eta Hoegaarden artean, bakoitzaren bizipenak kontatzea oso atsegina bihurtzen da, Pub irlandarrek sortzen duten atmosfera lagungarri dela. Hemendik aurrerako ostegunetan, badirudi, gauza berbera egingo dugula edo niri behintzat, horrelaxe izatea gustatuko litzaidake.



Ostiral gauean aldiz, hemen nagoenetik, lehen bisita iritsi zen. Maitane, 2 urte hauetan nire klasekide izan dudana, Corken izan da gaur arte. Bera, Londresen dago praktikak egiten, eta aukera aprobetxatuz nigana hurbildu da, benetan eskertzekoa.

Berari hiria erakutsi, garagardo batzuk edan eta ibilaldi batzuk egitea izan dira gertakari aipagarrienak. Ikusi dugun ia guztia lehenago ikusia banuen ere, badago leku bat gaur ezagutu dudana edo, ezagutu baino, gehiago aztertu dudana. Hainbat alditan paretik pasa, eta gerturatzeko ekimenik ez dut izan.

Cork hiriko harresiaz ari naiz, edo aintzinako harresiaz geratzen den zati edo zantzuez. XIII. mendean hasi ziren eraikitzen eta denboraren poderioz, gaur egun, zati txiki bat besterik ez dago zutik.

Cork hiriko harresia

Hiriaren ikuspegia harresitik

Gerrarako prest?

Hiriaren zaindari

Aste honetako bizipenekin bukatzeko, egunaren bukaerak eman duenaz arituko naiz. Maitane agurtu ostean, ohi bezala, Turkiar bainuaz eta jacuzziaz gozatzea erabaki dut, nola utzi horrelako aukerak aprobetxatu gabe? Orain, sarrera hau idazten ari naizen bitartean, normalean baino beranduago, Pablo eta Alaitzekin batera, "El Conquistador del Fin del Mundo" saioa ikusten ari naiz. Txiste errazak egiten hasi baino lehenago zera esango dizuet: Bai, gizonok ere 2 gauza batera egin ditzakegu, lasai!

Honenbestez, hauxe izan da nire asteak eman duena. Hurrengo astean ere bisita izango dut, nire gurasoena, aldi honetan. 7. asteko sarrera idazteko denbora gutxi izango dudan arren, ahalegin txiki bat egin eta nire bizipenak plazaratzeko saiakera egingo dut.

Besterik gabe, jaso ezazue agur bat eta hurrengo astera arte!

ONDO IZAN!!!

2013/04/14

5. ASTEA: Monotonia eta asteburu ikusezina

Kaixo irakurle!

Dagoeneko hilabetea ere egin dut irlanda hegoaldeko hiri  honetan. Egunak ez dira hasierako asteetan bezain hain azkar igarotzen, baina oharkabean asteak aurrera doaz, ezin uka daitekeen ebidentzia da hori. Gauza asko egin nahi eta denak egin ezingo ditudan susmoa daukat, baina tira, esperientzia topera bizitzen saiatuko naiz, dudarik gabe.

Aitortu beharra daukat aste honetako sarrera idaztea kostatu zaidala. Batetik, zuei kontatzeko gauza interesgarririk egin ez dudalako eta, bestetik, asteburu hau gaixo pasatzen ari naizelako. Baina beno, esfortzu txiki bat egin eta irakurketa ahalik eta atseginena izan dadin saiatuko naiz.



Ohikoa denez, astea, bulegoko zeregin, etxeko lan eta korrika saiotxoak egiten pasa dut, orokorrean. Hasteko, nire lanari buruz esan behar dut gauza intesgarriagoak egiten hasi naizela eta lantokian gero eta erosoago sentitzen hasia naizela. Hankak azkar eragitean oinarritzen den kirolari dagokionez (bai, korrika egiteari buruz ari naiz), lasterketa ondorengo errekuperazio astea izan behar zukeenak, gorputza gogor astintzeko astea izan da. Hiru saio egin arren "kaña" pixkat eman diot nire gorputzari, nire buruak hala eskatuta. Ondorioak ere pairatu ditut, aste guztian hankak gogortuta izan baititut baina esaera zaharrak dioen moduan: "Gustuko tokian aldaparik ez!".

Aste honetan, aldiz, harrituko zareten arren, lehenago egin ez dudan eta irlandan hain ohikoa dena egin dut, pinta batzuk edatera irten. Aste barruan esan nahi dut, asteburu bat edo beste aprobetxatu dut eta horretarako, ez larritu! Egia esan, etxeko zereginek eta abarrek denbora dexente kentzen didate eta hiriaren erdigunera joatea, sarritan, nekeza egiten da.

Osteguna eta ostirala, bi egunak aprobetxatu genituen trago batzuk hartzeko, lasai antzean, beti ere. Hemen nagoenetik eta garagardo gehiegi dastatu ez ditudan arren, "Smithwick´s" izenekoarekin geratzen naiz. Arm Brog pub-eko zerbitzariaren esanetan ESMIRIC´S da ahoskera egokia. Aitzakiarekin, eta nire ahoskera hobetzeko lanetan, garagardo hau gehiagotan eskatu beharko dut ezta?



Larunbatean, eguraldi petrala izan genuen eta ezer bisitatzeko aukerarik ez nuen izan. Hortaz, atseden hartzeko aprobetxatu nuen, noizean behin ondo etortzen da eta. Gau partean, "Irish party" on batez gozatzea zen nire helburua, baina goiko jaun goren batek ni ez irtetzeko ahalegina egin zuen. Ondoezik sentitzen hasi nintzen eta etxera bueltatu ostean, gau nahiko txarra pasa dudala aitortu beharra daukat. Baina zuek ez kezkatze aldera, esan beharra daukat, gaur, igandea, hobeto sentitzen naizela.

Igandea, Elgoibarko Udal Musika Bandaren doinuekin hasi dut, atzoko eta gau parteko tristurak leuntzeko balio izan didana. Gehienok jakingo duzuen bezala, Elgoibarko Udal Musika Bandako partaidea naiz eta hilero kontzertu bat eskeintzen dugu, aste bat beranduago, Arrate Irratiak erretransmititzen duena. Horrela bada, nire adiskideek lehengo astean emandako kontzertua entzuteko aukera izan dut eta inbidia askorekin, oso ona izan zela aitortu beharra daukat, aupa zuek! Era berean, ezin aipatu gabe utzi Mauxitxa Txarangako partaidea naizela eta honen falta ere asko sumatzen dudala.

Musikari bezala, bandako eta txarangako partaide nintzela ezagutzen ez zenutenontzat, hona hemen hainbat bideo insteresgarri:




Musikaren hildoan, esan beharra daukat tronpeta bat ekarri dudala honaino. Askotan ez bada ere, tartetxo bat hartu eta melodia ugariz alaitzen (edo haserretzen) ditut nire auzokoak. Ez dakit nola aguantatuko nukeen hiru hilabete tronpeta bat esku artean eduki gabe eta, egia esan, oso lasaigarria da.

Pocket tronpeta


Igandeko ekintzekin jarraituz, txirrindularitza pixka bat ikusteko aukera izan dut. Gaurkoan, "Amstel Gold Race" izeneko ardenetako klasika ospetsua ospatu da. Emozio ugari eta azkenean Roman Kreuziger txekiarrak eraman du garaipena.



Kirol gutxi ez eta eguna bukatzeko Zaragoza-Bartzelona ikusten aritu naiz. Garaipen ona eta Ligako titutlua gero eta gertuago. FORÇA BARÇA!



Ikusten duzuenez gauza interesgarririk ez dut egin, baina gaixo gaudenean gauza gehiagorik egitea ez da xamurra. Ea biharko eguna errekuperatuta hasten dudan eta lan astea azkar pasatzen den, hurrengo bi asteetan bisitak izango ditut eta. Baina horren berri aurrerago izango duzue, lagunok.

Espero dut nire aste honetako kontakizunek logalerik ez ematea eta hurrengo astean berriz irakurtzeko prest izango zaretelakoan, jaso ezazue agur bero bat.

ONDO IZAN!!!




2013/04/07

4. ASTEA: Ikusteko eta egiteko ugari

Kaixo irakurle!

Ohartu gabe beste aste bat pasatu da eta hemen nauzue berriz ere iganderokoarekin. Laugarren astea iada, hau da, nire egonaldiaren heren bat. Denbora azkar dijoala sumatzen dut, ez dakit nahi baino azkarrago, baina badoa aurrera eta ez da geldituko, ez horixe.

Aurreko asteko sarreran aurreratu nizuen bezala, astelehenean, "Ring of Kerry" bisitatzen izan ginen. Berau, Kerryko konterrian kokatzen den ibilbide turistikoa da, errepidez 170 km. inguru dituena, hain zuzen ere. Killarney herrian hasi eta Kenmare, Sneem, Waterville, Cahersiveen eta Killorglin herriak lotzen ditu, berriz haserako puntura iritsi arte. Cork konterria baino inguru menditsuagoa da eta bertan aurkitzen dira Irlandako mendirik garaienetakoak.



Astelehena, hotza, haizetsua eta lainotua esnatu zen. Geuk, ibilbidea autobus batean egin genuen eta Corketik irten ostean, ordu eta erdiren bueltan lehenengo geltokian ginen. Tour guztia azalduko banu, zuotako asko aspertu egingo zinakete, beraz, laburpen txiki bat egingo dut. Geltoki guztiak merezi duten arren, kostaldea ikusten den lekuetan geratzea oso ikusgarria da. Eguraldia lagun ez genuen arren, ikusmira ikaragarriak zeuden hainbat lekutan, denbora gehiagorekin bisitatzekoak, egia esan.

Ibilbidearen puntu esanguratsanuenetako argazki eta bideo batzuk ikusteko garaia, ezta?

Lough Lane (Killarney)

Killarney

Kostaldea

Lagun kuriosoak gure zain

Iveragh penintsula atzean

Watervilleko hondartzan

Waterville

Charlie Chaplin handiaren udaleku zen Waterville

Kostalde ikusgarria

Laguntxoak egiten

Torc Waterfall

Arratsalde partean iritsi, afaldu eta 4 eguneko lan astea neukan aurretik.

Etxeko zereginei eta laneko gorabeherei buruz ez dut denbora handirik galduko, ez baitago ezer garrantzitsurik esan beharrik, ez aste honetan behintzat!

Astea aurrera zihoan heinean, hemengo eguraldia ere hobetzen hasi zen. Egun egunzkitsuak eta tenperatura leunagoak pairatzeko garaia ere iritsi dela ematen du. Horrela, astezkeneko eguraldi ederra aprobetxatuz, orain arte zapaldu gabeko eremu batzuei argazkiak ateratzera irten nintzen. Hona hemen emaitza:

Lee River

County Hall

Lee River

Lee River

Lee River

Konturatu orduko asteburua ere gainean geneukan. Asteburu bat ezer bisitatu edo ikusi gabe oso zaila egiten zaidanez, hemengo lagun baten konpainian Blarney izeneko herritxora joan ginen. Blarney, Corketik 8 km.-ra dagoen herri txiki, baina, famatua da. Honen sona bertan dagoen gazteluarengatik sortua da. Gaztelu honen berezitasuna bertako goi partean daukan harria da, "Blarney stone" izenekoa. Kondairak edo bertako tradizioak dioenez, harri honi musu ematen badiozu, zure hitz jariotasuna edo "elokuentzia" nabarmen handitzen da. Gu ez ginen gutxiago izan eta harri honi musu ematera animatu ginen. Horretarako, etzan, ahoz gora jarri eta harrira gerturatu behar zara, musu emanez. Orain ikusi beharko da nire hitz jarioa hobetu al den, geizki ez zait etorriko behintzat!



Bestalde, gazteluaren inguruak oso politak dira, zelaiz eta basoz inguratua baitago. Laku bat ere badu, baina ez genuen ikusteko aukerarik izan. Ez naiz harritzen hego Irlandan bisitatzen den lekurik garrantzitsuenetakoa izatea, kondairetatik aparte, bere fama irabazia du eta, bai horixe!

Blarney Castle

Blarney Castle

Gaztelu barruko kobak

Modelo lanetan

Inguruko etxea

Ur jauzi txikia

Dolmenak

Blarneyko basoan

Urjauziarekin

Kobak

Pare bat orduko bisitaren ostean, bueltarako bidea hartu genuen eta bazkaltzeko, etxean ginen. Arratsaldea, deskantsatzen eta ondo hidratatzen pasa nuen. Nire Barça maitearen partida ikusi ostean, oherako bidea hartu nuen.

Atsedena, hidratazioa.... batzuk jakingo duzue, beste batzuk sumatu eta gainontzekoak orain izango duzue berri. Adierazle hauen arrazoia, gaur igandea, lasterketa baten parte hartu dudanarenak dira. Goizeko 11tan hasita, "UCC Carmel Lynch Memorial 10k Road Race" izeneko lasterketa ospatu da Corkeko Lee ibaiaren inguruetan. Beraz, goiztiar jeiki, ondo gosaldu eta hara abiatu naiz atzoko konpainia berberarekin (hau irakurtzen baduzu, eskerrik asko Magda!). Izen emateko lekura iritsi garenean, Euskal Herriko lasterketekin ezberdintasun batzuk badituztela ageria geratu da. Bertan, gosaltzeko hainbat gauza zeuden, denon eskura, noski.



Lasterketako ordua gerturatzen zihoan heinean, nerbioak haunditzen hasi dira. Disfrutatzera nihoan, entrenamendu gogor eta espezifikorik gabe, presiorik gabe, baina dortsal bat gainean eramateak beti sortzen du sentipen hori, edo niri behintzat bai. Hortaz, gozatzera irten naizen arren, barruan dudan guztia ematen saiatu naiz. Irteera guneak, aldiz, ez zuen zerikusirik haserako zerbitzu onarekin. Irteera arku edo marrarik ez eta puntualtasun suitzarraren ezaguerarik ez, ia 15 minutu beranduago hasi baikara. Hasiera ere oso komikoa izan da, irteeraren goikaldera bidali gaituzte eta trafikoa moztu ostean 30m aurrerago zeudenak lasterketa hasi dute nire edo gure harridurarako. Ezusteak ezuste, asko gozatu dut lasterketa. Ibilbide eramangarria eta nahiko laua. Azken 4 kilometroetan, kontrako ikaragarrizko haizea egokitu zaigun arren, lasterketa txukuna egitea lortu dut. Zer espero nuen ba Irlandan egonda? Sentsazio onak eta denbora ere ona egin dut, uste baino hobea bai behintzat.

Lasterketarako prest
Kontzentratuta deskoordinazioan

Azken metroetan
9.52 minutuan ageri naiz, haizeari kontra eginez, azkenengo metroetan

Pozik lasterketa amaieran
Beteranoekin lasterketa komentatzen
Azken orduan aurkitutako argazki batzuk:




Ostean ere, beste sorpresa bat hartu dugu. Lasterkarientzako  Buffet moduko bat zuten prestatuta, mota askotako janari eta edariekin. Gaztelaniaz esaten den bezala "me he puesto las botas"! Bapo janda, etxerako bidea hartu, luzaketa batzuk egin eta atseden hartzeko ordua heldu da.

Eskuak ondo beteta

Momentuz, hau da igandeak eman duena. Beranduago, eta gaur motibo gehiagorekin, "Turkiar bainua" eta jacuzziaren txanda helduko da.

Besterik gabe, nire bizipen eta kontaerak gustoko dituzuelakoan, hurrengo astera arte agurtzen naiz.

ONDO SEGI!!!