2013/03/24

2. ASTEA: Praktiken hasiera

Kaixo irakurle!


Konturatu gabe bigarren astea ere egin dut Irlandako lurretan, nola pasatzen den denbora! 

Aste honetako gauzarik esanguratsuena praktiken hasiera da dudarik gabe. Astelehenean jai eduki ondoren, hurrengo egunean Celtic Intership enpresan nengoen hitzartuta hurrengo hiru hilabeteetan nire lantokia izango dena ezagutzeko. Bertako arduradunak kotxean eraman ninduen, lehenago lekua ezagutzen banuen ere, etxetik 15 minutu eskasera baitago. 

Zuek pixka bat kokatzeko, nire enpresaren azalpen txiki bat egingo dut. Berau, mota guztietako edariak saltzen dituen enpresa txikia da. Hauek, denda, pub, jatetxe, hotel eta beste hainbat negoziori edariak hornitzeaz arduratzen dira. Gainera, denda ezberdinak dituzte hirian zehar edari hauek azken kontsumitzaileari ere saltzeko. Lau talde nagusitan banatu daitezke edari hauek: Ardoak, garagardoak, likoreak eta xanpainak.


Nik, bertako bulegoan egingo dut lan, bulego zaharra eta nahiko hotza, azken finean bulego hau etxe zahar batean finkatua baitago. Aste honetan, lankideak eta lantokia ezagutu ostean, datu baseak egitea izan da nire lan bakarrenetarikoa. Denda, jatetxe eta hotel ezberdinen datuak hartu eta Excel orrietan moldatu. Nazioarteko Merkataritzako ikaslea izan naizen aldetik, honek, ez du zerikusirik nik egin beharko nukeen lanarekin, baina, tira, praktikak dira, ez naiz zorrotzegia izango.

Lanetik irteterakoan, aste barruko ekintzak ez dira oso esanguratsuak izan. Erosketak egin, etxea garbitu, korrika egin… Hala ere, esan beharra daukat gure “Village” honetan badagoela hotel moduko bat eta bertan gimnasioa, igerilekua, sauna eta jacuzzia daudela. Astean birritan eta ordu batzuez dohainik daukagu sarrera, beraz, asteazkenean, korrika egin ostean bertara gerturatu nintzen jacuzziaz eta saunaz pixka bat gozatzera. Lagunok, nire helburua ez da inbidiarik ematea, blog honetan errealitatea besterik ez dut kontatzen!

Asteburua iristeko zain egoten gara leku berriak ezagutzeko. Larunbatean, nire kabuz, Corkeko periferia edo kanpoaldea ezagutzera irten nintzen. Arropa erosoa, motxila bizkarrean, erreferentziarik ez eta abenturara! Nire helburua itsasoaren sarrera gertuagotik ikustea zen. Zuek ideia bat egiteko, Cork Bilboren itxurakoa da geografikoki, hau da, kostaldean egon ez arren, itsasoa ia barruraino sartzen da. Beraz, nire xedea barnerago joatean zen. Horretarako, Google Maps-ekin pixka bat orientatu eta markatzen zidan bidetik abiatu nintzen. Nire ezusterako, autoek erabiltzen zuten errepide berberetatik joan behar nintzen eta eskerrak espaloia bazutela! Ordu bete ibili ondoren Douglas izeneko herritxo batera iritsi nintzen. Orduan, jarraitzeko duda izan nuen, bideren bat gaizki hartu eta beste herriren batean azaldu nintekeen eta! Horregatik, burua hotz mantendu eta buelta ematea erabaki nuen. Ondorengo irudian ikusiko duzuen bezala, bide zuzenetik nioan eta 2-3km eskas geratzen zitzaizkidan nire helmugara iristeko. Zer egingo diogu ba, hurrengo batean lortuko dut! Hiria beste pixka bat arakatu eta bazkalordurako etxean nengoen berriz ere. Arratsalde-gaba partean garagardo eta pizzak batzuk hartu eta berandutu baino lehen lotara!



A-tik B-ra egin nuen ibilbidea. Itsasoa gertu zegoen.

                                  

Lotara diot, gaur, igandean, Cobh herria ezagutzen izan baikara. Cobh, Corketik 25 km. ingurura dagoen herritxoa da, Titanic itsasontziaren azken geltokia izateagatik ezagun dena. Goizean goiz esnatu, trena hartu eta ordu erdi eskasean bertara iritsi gara. Egia esan, eguraldia ez dugu lagun izan. Ateri bazegoen ere, zerua lainotuta ikus zitekeen eta demaseko hotza. Tenperaturak 2º inguru markatzen zituen eta sentsazio termikoa, aldiz, Irlandako haize bortitzari eskerrak, -3º graduren bueltan zebilen. Bertan, itsas portua, herriaren Katedrala, kaleak eta beste zenbait txoko bisitatu ditugu. Titanic-ari buruz museo bat badago, baina gaur ez sartzea erabaki dugu. Egia esan, Cobhek nahiko hotz utzi gaitu, ez eguraldiagatik zehazki, gehiago espero genuen eta.  Esan beharra dago udako herriaren itxura duela, garai honetan kruzero handiak eta itsasontzi asko aurki daitezke eta. Udaberrian, ostera, ordu pare bat nahikoa dira herri hau ezagutzeko.


Ken Station Cork City
                                                               
  Cobhera joateko trena
                                                           

Cobheko portua
                                                                  

Cobh Cathedral
                                                                 

Cobheko muelle zahar bat
                                                         
   Titanic-aren museoa
                                                          
    Portu zaharra
                                                              
    Cobh goikaldetik
                                                             
Haulbowline Island
                                                              
  Treneko bistak

                                                               
Beraz, bazkal aurretik bueltarako bidea hartu dugu. Bazkaldu eta astean zehar bota ezin dudan siesta egin dut, hau luxua! Arratsaldea blog hau berritzeko erabiltzen ari naiz eta beranduago jacuzzia eta sauna aprobetxatuko ditut, astea ondo bukatzeko, badakizue!

Honenbestez, hauxe da nire bigarren asteak eman duena. Aitortu beharra daukat, hemen bi aste eraman arren, etxetik kanpora egiten dudan denbora handiena dela (eta geratzen zaidana!). Gustura nago, gauza berriak ikasten, beraz, ez arduratu!

Besterik gabe, hurrengo astera arte!

ONDO IZAN!!!

P.D: Jarraitu Beñat Konde ta bere tokaioaren ibilerak  http://blogak.com/txeko helbidean, bere ideari esker zabaldu dut blog hau eta!


No hay comentarios: