2013/03/31

3. ASTEA: Santukeriak freskotasunarekin batera

Kaixo irakurle!

Hemen nauzue hirugarren astez jarraian nire bizipenei buruzko laburpentxo bat egiten.

Konturatu orduko, 21 egun pasa dira Cork lehen aldiz zapaldu genuenetik. Hasierako hiri gris eta euritsu hura nire betiko bizitokia izango bailitzan somatzen dut orain. Beno, betikoa ez, Elgoibar bihotzean daramadalako gau eta egun, ez pentsa! "Barren barrenetik, Elgoibar!".

Hirugarren aste honek eman duena azaltze aldera, eguraldiarekin hasiko naiz lehenbizi. Aste nahiko hotza bizi izan dugu, aurrekoen antzerakoa, egia esan. Tenperaturak 4º-ren muga gainditzeari beldur ote dion pentsatzen hasia naiz. Bere lagun, sentsazio termikoak, aldiz, ez du ezer jakin nahi 0º-ri buruz eta badaezpada, gerturatu ere ez da egiten. Hemengo hiritarrek diotenez, ez da ohikoa horrelako tenperaturak pairatzea urteko garai honetan baina badirudi hurrengo astetik aurrera tenperaturak zertxobait leunduko direla. Ia egia den!

Bestalde, praktikei buruz gauza askorik ezin esan. Lantokira ohitzen hasia naiz baina lan gutxi edukitzen dut normalean. Ostegunean ebaluazio bilera bat izan genuen eta nire kexa denak azaldu ostean espero dut dena hobetzea hurrengo egunetan. Gainontzean, etxeko eginbeharrak eta kirol pixkat bat egin, horiexek izan dira nire "abenturak".

Asko eta asko Aste Santuko oporrak gozatzen izango zarete. Hemen, oso katolikoak diren arren, jai egunak ez datoz bat beraien "debozioarekin". Osteguna lanean pasa genuen eta ostiralean, zortez, jai eduki nuen, egun honetan alkohola saltzea debekatua baitago. Nik enpresako bulegoan egiten dut lan baina tira, eguna libre edukitzeari ez diot ezetzik esango! Bihar, astelehena, jai edukiko dugu.

Hortaz, ostirala aprobetxatze aldera, korrika saio polit bat egin, ongi bazkaldu eta siesta eder bat bezalakorik ez. Gau partean, gutariko asko elkartu ginen afari mexikar baten aitzakiarekin. "Coronita" batzuk, rantxerak eta mexikar ukituko janaria. Tronpeta jotzeko astia ere izan nuen, baina berandu zenez bertako zaindariak ixiltzeko eskatu zigun berehala. Beraz, afaldu, garagardo pare bat edan eta oherako bidea hartu nuen.

Biharamunean, kostaldean dagoen Kinsale izeneko herrira joan ginen gutako batzuk. Arrantzale itxurako herrixka, txikia baina bisitatzea merezi duena. Portua eta erdigunea ikustea denbora galtzea ez den arren, herri honen harribitxia "Charle´s Fort" gotorlekua da. Itsas zabalaren sarreratik gertu, irlandarrek, espainiarren eta britainarren erasoei ekiditeko eraiki zutena, hain zuzen ere.

Kinsale
Kinsaleko etxe kuriosoa

Itsasoa herrian zehar

Jame´s Fort

Kinsale gotorleku ingurutik


Gotorlekuaren aireko bista


Bertan, gotorlekuaren xehetasun gehienak aztertu genituen eta irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duenez, ateratako argazki batzuekin utziko zaituztet. Hori gutxi ez, eta gotorlekutik itsas zabalera grabatutako bideo bat ere txertatu dut. Gozatu!

Gotorlekuaren sarrera

Charle´s Fort

Sarreran modelo lanetan

Gotorlekuaren mapa

Kinsale Charle´s Fortetik

Armarik ezin falta horrelako leku batean

Itsas zabala agerian

Ikuspegi hobeagorik ba al dago?

Kinsalen zerbait bazkaldu eta bueltako bidea hartu genuen. Hiri erdigunean geundela "Ring of Kerry" inguruko "Tour"-era apuntatu ginen. Berau, bihar egingo dugu, baina honen berri izateko hurrengo igandera arte itxaron beharko duzue. Etxera iritsi eta ezer gutxi egin nuen Bartzelonaren partida internetez ikusteaz aparte. Laneko eta bestelako hotzek pixkat gaixotzea eragin didate, beraz, atzo ez irteteko erabakia hartu nuen.

Gaur ere, deskantsatu eta biharko pilak kargatzen arituko naiz. Hori bai, korrika saiotxoa, sauna eta jacuzzia ez dira faltako!

Besterik gabe, nire kontakizun eta bizipenak gustuko dituzuelakoan, hurrengo astera arte!

ONDO IZAN!!!

No hay comentarios: