2013/04/29

7. ASTEA: Gurasoen berotasunean

Kaixo irakurle!

Lehenik eta behin nire barkamena iganderoko zitari huts egiteagatik. Hala ere, badu pisuzko azalpen bat, noski. Gurasoak hemen izan dira eta beraiekin ahalik eta ordu gehien pasatzea izan da nire helburua. Beraz, ulertuko duzuen bezala, atzo blog hau berritzea ia ezinezkoa egin zitzaidan.

Egun bateko atzerapenarekin, baina goazen harira.

Aurreko astearen hasierari, primerako eguraldiarekin ekin genion, hemen nagoenetik eguraldi beroena egin zuen, ziur aski. Berau aprobetxau nahian, lanetik irten ostean, korrika egiteko arropa jantzi eta Corkeko ekialdetik 2km.-ra (etxetik 7 km.-ra gutxi gora behera) dagoen "Blacrock Castle" ingurura joatea zen asmoa. Leku hari argazkiak atera nahi nizkionez, kamera eskuan, korrika entrenamendua eta turismoa uztartu nituen.

Korrika eta turismoa uztartzen

Blackrock ingurua, Lee ibaiak kostaldera egiten duen bidean kokatzen da, portxutxo bat eta gazteluko behatokia dituelarik. Aurrera jarraituz gero, pasealeku eder bat du ibaiaren ertzetik doana, egun eguzkitsu batean bizikletan joateko aparta.

Blackrock Castle

Blackrock Castle Lee ibaiaren ertzean

Corketik datorren pasealekua

Asteleheneko egun lasaigarriaren ostean, gainontzeko egunak ez ziren maila berera iritsi. Bartzelonaren partidako komentarioak eta honi buruzko hainbat adjetibo bazterrean utziko ditut.

Hortaz, ostiralera egingo dut salto, egun honetan iristen bait ziren nire gurasoak Corkera. Beraiekin 4 egun ikaragarri pasa ditut ondoegi tratatu naute eta. Bapo jan eta edan dut eta beraiek ondoan edukitzeak etxera hurbildu nau egun batzuez. Ostiralean eta Larunbatean hiria ezagutzen pasa genuen denbora gehiena. Bertako txoko ezagunenak eta ederrenak erakutsi nizkien, gida on batek egingo lukeen bezala. 

Hegaztia Lee ibaian

River Lee

Kale artea

Cork

Larunbat arratsaldean, Athletic-Bartzelona ikusteko asmotan, Old Oak pub-era gerturatu ginen, bertan Corkeko F.C Barcelona-ren "penya" baitago. Hala ere, bagenekien ordu berean errugby partida bat jokatzen zela, "Heineken Cup" txapelketako finalerdiak, Clermont eta Munster taldeen artean, hain zuzen ere. Munster taldea, izen bereko probintziaren talde nagusia da eta Corkeko konterria bertan kokatua dago. Hortaz, esan daiteke hemengo talde nagusia dela.



Sartu eta berehala, ohartu ginen pub-ean zeuden telebista denetan (ez ziren gutxi) errugbya erretransmitzen ari zirela, gauza logikoa bestalde. Aukera aprobetxatu genuen eta barru barrutik bizi genuen partida, irlandarren garrasi, animo eta algara artean. Galdu egin bazuten ere, horrelako esperientzia bizitzea oso gomendagarria da. Ez dut imaginatu nahi irabazi eta finalerako sailkatuz gero antolatuko zen festa...

Partida jarraitzen

Larunbatean garaiz oheratu ginen iganderako indarrak gordeaz.

Igandean, hau da, atzo, Moher itsaslabarren inguruan egiten den "tour" gidatura joan ginen. Gune hau, irlandako mendebaldeko kostaldean aurki dezakegu, herrialderaren erdigunean gutxi gorabehera. Bertan 214m inguruko itsaslabarrak daude, europako garaienak eta benetan ikusgarriak direnik ezin uka. Ibilbidean, aipatutako lekuaz gain, Limerick hiria, Poulnabrone dolmenak eta Burren harrizko eremua, Doolin herrixka, Lahinch-eko hondartza eta Bunratty gaztelua ikus daitezke.

Ibilbidearen laburpen gisa eta paisaiaren edertasunaz goza dezazuen, argazki eta bideo batzuek erakutsiko dizkizuet jarraian:

Shannon River (Limerick)

Poulnabrone dolmena atzean

Burren harri eremua

Doolin

Cliffs of Moher

Moher itsaslabarra

Familia

Cliffs of Moher

Cliffs of Moher

Inguru ikusgarria atzean

Cliffs of Moher

Bunratty Castle


"Tour"-etik itzuli ostean, atseden pixka bat hartzeko asmotan, gurasoen hoteleko tabernan trago bat hartu eta  bertan afaldu genuen.

Egun luze baten ostean, sari on bat

Gaur, astelehena, gurasoak agurtzeko eguna izan da. Goizean, erosketa batzuk egin ostean, italiar jatetxe batean bazkaldu eta tren geltokira abiatu dira. Penatuta, baina bizitako esperientziaz harro. Niretzat ere agurrak ez dira errazak, baina hilabete barru berriz izango naiz elgoibarren, beraz, ez da denbora asko falta.

Egun hauetako bizipenetaz deskonektatzeko, aspaldi egin ez dudan siesta bota eta egun hauetan hain baztertua utzi dudan etxea garbitzea izan dira nire helburuak. Bihartik aurrera errutinari aurre egitea izango da nire erronkarik gogorrena.

Besterik gabe, hau izan da nire 7. asteak eman duena. Xehetasun denak kontatzea gustatuko litzaidake, baina horretarako denbora eta gogo asko beharko nuke eta ,oraingoz, ez dut idazletzat ikusten nire burua.

Bukatzeko, esan beharra daukat hurrengo asteko sarrera ere astelehenean aurkeztuko dudala, maitzaren 6ko jaieguna aprobetxatuz Dublinera gerturatuko baikara.

ONDO IZAN!!!








No hay comentarios: