2013/04/21

6. ASTEA: Erdibidean

Kaixo irakurle!

Egunak joan eta egunak etorri, nire abenturaren"ekuatorera" ere iritsi naiz. 6 aste pasa dira eta beste 6 aste geratzen zaizkit aurretik nire esperientziari bukaera emateko. Aurreko astean esan bezala, gustatuko litzaidakeen gauza denak egitea zail ikusten dut, baina 3 hilabetek, azken finean, ez dute askoz gehiagorako ematen, gezurra badirudi ere.

Puntu honetara helduta, aste hauen balorazio txiki bat egiteko unea dela begitandu zait.

Bizilekuari dagokionez, hau da, Cork hiriari dagokionez, ezin ezer txarrik aipatu. Herri itxurako hiria da, lasaia eta erosoa. Eguraldia, gurean baino desatseginagoa den arren, hemengo bizitzara ohitzea lan erraza izan da. Leku batetik besterako distantziak nahiko txikiak dira eta bertako jendea, orokorrean, oso atsegina da atzerriko ikasle eta jendearekin.


Bertan ezagututako jendearekin ere oso gustora, inongo arazorik ez dut izan eta horrela jarraitzea espero dut. Bukatzeko, hainbat alditan aipatutako gaia: lana eta praktikak. Hasieran egun zail eta aspergarriak pasatzea ohikoa zen arren, hilabete eta erdi geroago, nahiko pozik sentitzen naiz bertan, etxetik gertu eta ordutegi onarekin. Hainbat alditan lanik gabe eta aspertuta egotea egokitzen zaidan arren, ikuspuntua ez da hasierakoaren berbera, ez horixe.

Balorazioekin jarraituz, blog honek, 6 aste hauetan eman dituen estatistikak plazaratuko ditut.

Corkeriak txokoak, 575 bisita izan ditu orain arte. Hauetako asko, Euskal Herritik izan dira, baina badira beste herrialde askotatik bisita egin duten "Corkerizaleak". Harrituko zareten arren, imaginatuko ez duzuen herrialdeetatik ere jaso ditut bisita horiek, ikus ezazue:


Bisita batzuen jatorria ezagun dut, baina beste asko sorpresa handia izan dira niretzat, Estatu Batuak, Errusia, Alemania eta Estonia kasu.

Datuak alde batera utzira, aste honetako nire gora beherak azaltzeko unea iritsi da.

Astelehenetik ostiralerako egunak normalak izan dira. Asteko lehen eguna aurreko asteko ondoezak errekuperatzeko eta gainontzekoak egunerokotasunean murgilduta. Ostegunean, ohitura bihurtze aldera, pinta batzuk edatera irten ginen. Smithwicks, Guiness eta Hoegaarden artean, bakoitzaren bizipenak kontatzea oso atsegina bihurtzen da, Pub irlandarrek sortzen duten atmosfera lagungarri dela. Hemendik aurrerako ostegunetan, badirudi, gauza berbera egingo dugula edo niri behintzat, horrelaxe izatea gustatuko litzaidake.



Ostiral gauean aldiz, hemen nagoenetik, lehen bisita iritsi zen. Maitane, 2 urte hauetan nire klasekide izan dudana, Corken izan da gaur arte. Bera, Londresen dago praktikak egiten, eta aukera aprobetxatuz nigana hurbildu da, benetan eskertzekoa.

Berari hiria erakutsi, garagardo batzuk edan eta ibilaldi batzuk egitea izan dira gertakari aipagarrienak. Ikusi dugun ia guztia lehenago ikusia banuen ere, badago leku bat gaur ezagutu dudana edo, ezagutu baino, gehiago aztertu dudana. Hainbat alditan paretik pasa, eta gerturatzeko ekimenik ez dut izan.

Cork hiriko harresiaz ari naiz, edo aintzinako harresiaz geratzen den zati edo zantzuez. XIII. mendean hasi ziren eraikitzen eta denboraren poderioz, gaur egun, zati txiki bat besterik ez dago zutik.

Cork hiriko harresia

Hiriaren ikuspegia harresitik

Gerrarako prest?

Hiriaren zaindari

Aste honetako bizipenekin bukatzeko, egunaren bukaerak eman duenaz arituko naiz. Maitane agurtu ostean, ohi bezala, Turkiar bainuaz eta jacuzziaz gozatzea erabaki dut, nola utzi horrelako aukerak aprobetxatu gabe? Orain, sarrera hau idazten ari naizen bitartean, normalean baino beranduago, Pablo eta Alaitzekin batera, "El Conquistador del Fin del Mundo" saioa ikusten ari naiz. Txiste errazak egiten hasi baino lehenago zera esango dizuet: Bai, gizonok ere 2 gauza batera egin ditzakegu, lasai!

Honenbestez, hauxe izan da nire asteak eman duena. Hurrengo astean ere bisita izango dut, nire gurasoena, aldi honetan. 7. asteko sarrera idazteko denbora gutxi izango dudan arren, ahalegin txiki bat egin eta nire bizipenak plazaratzeko saiakera egingo dut.

Besterik gabe, jaso ezazue agur bat eta hurrengo astera arte!

ONDO IZAN!!!

No hay comentarios: