2013/05/19

10. ASTEA: Azken txanpan

Kaixo irakurle!

"Kalendarixuari jarriaz begira...", ume garaiko abestiak dioen bezala, etxera bueltatzeko eguna gero eta gertuago dago. Jadanik bi aste baino gutxiago falta dira Elgoibar berriz zapaltzeko. 

10. astea Corken, lehen 5 egunetan gertakari aipagarririk gabe, baina, asteburu potente batekin. Beraz, denbora askorik galdu gabe, aste honen errepasotxoarekin hasiko naiz.

Astelehena gogo gutxirekin hasi nuen. Lanean egiteko interesgarririk eduki ezean, bertara joatea, askotan, nekeza egiten da. Gainera, egun honetan kamioilariarekin banaketa egitea egokitu zitzaidan eta 8 ordu inguruko jardunaldia bete nuen, etxera guztiz estresatua iritsiz. Hurrengo egunak ere antzeko bidetik joan ziren, egiteko gutxirekin, alegia.

Ostiralean, zegoen egoera ikusita, lankideak 11ak inguruan etxera joateko baimena eman zidan, eguna hasteko berri bikaina, bai jauna! Eguraldia ere lagun izan genuen eta aukera aprobetxatuz korrika saio eder bat egin nuen Corkeko txoko aldenduetatik. Orain dela aste batzuk egin nuen lasterketaren ibilbidearen zati bat jarraituz, Lee ibaiaren ertzetik doan errepidea hartu nuen, mendebalderantz. Paraje honek eskeintzen zidan lasaitasuna eta ikuspegia aprobetxatuz, asko gozatu nuen. Ziur nago horrelako momentuak beti gogoratuko ditudala, batzuentzat oso gauza sinplea dirudien arren, niri, ikaragarri betetzen didate eta bizipen hauek.

Dutxa on bat hartu eta pasta pixka bat bazkaldu ostean, pilak kargatzeko siesta bat egitea baino gauza hobeagorik ba al dago? Neuk halaxe egin nuen eta gauean, Errege Kopako finala ikustera joan nintzen lagun batzuen etxera. Culé on batek desiratuko lukeen bezala, Real Madrid taldearen porrotak, eguna biribildu zuen.

Larunbata. Goizeko 7ak. Lo gehiegirik egin gabe baina martxan jarri beharra naukan, Galway zain baineukan. Hara iritsi aurretik, ordea, 3 orduko autobus bidaia egin behar nuen, aspergarria benetan.

Azalpen motz bat emate aldera, Galway, Irlandako mendebaldean kokatzen den hiria da, izen bereko badia batean. Herrialdeko laugarren hiririk jendetsuena da, 75000 biztanle inguru dituen arren. Bere lasaitasun eta giroagatik, bisitatzeko leku aparta da, dudarik gabe.


Hortaz, goizeko 11ak aldera iritsi nintzen bertara. Corken eguna eguzkitsu jeiki bazen eren, Galwayn aurkitu nuen eguraldia bestelakoa izan zen, hau da, euria eta haizea, "typical Irish". Berehala jarri nintzen martxan eta hiriaren erdigunea ezagutzeari ekin nion. Berau nahiko txikia da eta denbora gutxian bisita daiteke. Denbora soberan nuenez, Galwayko badiarantz jo nuen eta bertan igaro nuen bazkal ordura arteko tartea. Eguraldia petralduz zihoan arren, gozatu ederra hartu nuen badia ertzetik ibiltzen, benetan gomendagarria.

Corken eguna eguzkitsu baina...

Eyre Square

Oscar Wilde eta Eduard Wilde hizketan

Lynch´s Castle

Erdigunea

Spanish Arch

Eglington Canal

Galway Cathedral

Jarriko al gara?

Galway Bay

Galwayko badia

Galway Bay

Mutton Island-erantz

" Mutton Island-era iristeko pasabidetik badia eta Galway"

Erdigunera bueltatzeko bidean, australiar futboleko partida "amateur" bat ikusteko parada izan nuen badia ondoan zegoen zelai batean. Minutu batzuk eman nituen bertan, niretzako ezezagunak ziren erregelak ulertzen saiatzen. 


Kale musikari ugari ikusteko aukera izan nuen. Hona hemen ikusitako talde bat:



Euria ari zuenez, merkatal gune batean bazkaldu nuen etxetik ekarritakoa eta bertan egon nintzen denbora pixkatean. Eguraldiak hobetzeko itxurarik ez eta hiriaren bisita bukatutzat eman nuen. Autobusa hartzeko ordu batzuk falta zirenez, Galwayko pub zaharrenetako batera jo nuen eta garagardo batez gozatzeko aukera izan nuen, bakardadean, sutondoan, nire pentsamenduetan murgildurik.

 The King´s Head pub-a


Corkera bueltatu aurretik beste 3 orduko bidaia egin beharra neukan eta nahiko aspergarria izan zen arren, ez zitzaidan oso luzea egin. Erresidentzian, bertako lagun baten urtebetzea ospatzen ari ziren eta egun gogorra izan zen arren gerturatzea erabaki nuen. Gerturatu bakarrik ez, ondoren erdigunera joan eta gauza batek bestea ekarri zuen...Eta honaino konta dezaket!

Horrela bada, igandea erresakosoa izaten ari da, beraz, ez daukat egun honi buruzko kontakizun interesgarririk, momentuz. Hau bukatutakoan, gimnasiora gerturatuko naiz, bizikleta estatikoan pedalei eragitera, aspaldiko partez. Ondoren, beti egiten dudan moduan, jacuzzia eta sauna uztartuko ditut atzoko gehiegikeriak botatzeko helburuarekin.

Besterik gabe, hemen bukatzen da nire aste honetako kontakizuna. Atzo edandako "Beck´s" garagardoak nire gaurko idea ahalmena murriztu didan arren, espero dut zuen gustokoa izatea.

Geizki esanak barkatu eta hurrengo astera arte lagunok!

ONDO IZAN!!!

No hay comentarios: