2013/05/06

8. ASTEA: John Williams, The Brewery eta Dublin

Kaixo irakurle!

Lehengo astean aipatu bezala, aste honetako sarrera ere gaur, astelehenean, argitaratuko dut.

Aste honek kontatzeko ugari eman duenez denborarik galdu gabe, harira joango naiz.

Gurasoak agurtu ostean, astearteari eta errutinari neurria hartzea kostatu zitzaidan. Lanean egiteko gutxi eta ordu hil ugari. Arratsaldean erabat deskonektatzeko korrika saiotxo bat egin eta beste pertsona bat nintzen, erabat purifikatuagoa zentzu guztietan.

Asteazkena hildo beretik hasi zen, maiatzaren 1a izan arren, hemen laneguna bait zen (jaieguna gaur ospatu da, zubi antzeko bat eginez). Gau partean, ordea, ikaragarrizko kontzertu batez gozatzeko parada izan nuen. Aurreko egunean, interneten bueltaka nenbilela, hiriko areto nagusian, Cork Opera House aretoan hain zuzen ere, irlandako RTÉ Concert Orchestra famatuak kontzertua eskeintzen zuela ohartu nintzen. Gainera, ez zen nolanahiko kontzertua, John Williams musikagilearen soinu bandez osaturiko emanaldia zen eta bi aldiz pentsatu gabe, sarrera erosi eta arratsaldeko 8ak baino zetxobait lehenago bertan nintzen musika ederraz gozatzeko prest.

Sarrera

Cork Opera House betetzen

Aretoaren panoramika

Orkestra akzioan

Aurreikuspenak guztiz beteta, 2 ordu pasatxoko kontzertu ahaztezina bizi izan nuen, musikariek, John Williams-en konposizio garrantsitzuenak jo zituztezlarik, hala nola: JFK Theme, 1941 March, E.T., Jurassic Park, Superman, Indiana Jones, Star Wars, Schindler´s List, Olympic Fanfare and Theme...

Azken kanta hau grabatzeko aukera izan nuen. Ikusi eta gozatu:




Bitxikeri batzuk ere badauzkat kontatzeko. Batetik, ikusleak, kontzertuaz gozatzen zeuden bitartean, janari eta edari ezberdinak dastatzen zebiltzan. Horrelakorik gurean ez da ikusten, areto edo zinema gehienetan debekatua baitago. Bestetik, kontzertuko azken obra entzun ostean eta zuzendaria ikusleak agurtu eta gero,  berau irtetzera joan eta erori egin zen atril batekin estropozu eginda. Ezuste garrasi batzuk entzun ziren, baina ez zen gehiagorako izan, susto txiki bat besterik ez.

Etxerako bidea, irribarre handi batekin egin nuen, aurretik entzundako soinu bandak abestu eta txistukatuz. Ziur nago kontzertu hau ez dudala inoiz ahaztuko, agian ez orkestraren kalitateagatik, baizik eta non eta noiz ikusteko aukera izateagatik.

Osteguna ere, egun interesgarria izan zen. Hasiera batean, enpresako kamiolariarekin batera, edarien banaketa egitekoa nintzen, bulegoan ez baitago lan handirik niretzat. Baina azken orduan, nire tutoreak, garagardo enpresa batera joateko gonbitea egin zidan bertako beste langile batzuekin batera.

Enpresa hau, 8 Degrees izenekoa, Corketik 55km. ingurura dagoen Mitchelstown izeneko herrian kokatzen da. Hauek, eskuz edo era naturalean egiten dute garagardoa, ingelesez "Craft Beer" deiturikoa. Kotxea hartu eta bertaraino gerturatu ginen. Han, enpresako arduradunak hainbat azalpen eman zizkigun eta niri nahiko ulergaitzak egin bazitzaizkidan ere, oso baliagarriak iruditu zitzaizkidan. Azalpenez gain, hainbat garagardo mota dastatzeko aukera izan genuen eta etxerako botila bat ere oparitu ziguten.


Garagardoa dastatzen

Arduradunaren azalpenei adi
Ostiralean, lan pixka bat egin eta gure praktiken ebaluazio bilera eduki ostean, Dublinerako bidea hartu genuen gutako 4 lagunek. Arratsaldeko 7etan autobusa hartu eta 3 orduren buruan irlandako hiriburura iritsi ginen. Hostalera joan, ekipaia utzi eta bueltaxka bat ematera irten ginen Temple Bar ingurura. Hau, Dublineko pub eta diskoteka gune famatuena da eta bertan jende ugari biltzen da gauero. Pare bat garagardo hartu ostean lotarako bidea hartu genuen.

Larunbat goizean, lehenbizi, Guinness garagardo entzutetsuaren fabrika eta museoa bisitatzen izan ginen. Bertan, garagardoari eta enpresari buruzko informazio mordoa aurki daiteke, produzitzeko erabiltzen dituzten gailu eta metodoez gain. Goiko solairuetako batean, Guinness pinta bat zerbitzatzeko aukera daukazu eta nola ez ,ondoren, dastatzeko. Dastaketa azken soilaruan dagoen "Gravity Bar" ikusgarrian egin genuen. Taberna honek, Dublin hiriko 360º-ko ikuspegia du eta benetan gozagarria da bertan pinta bat hartzea. Garagardo beltza gustoko ez dudan arren, nahiko eroso edan nuen nire tragoa.


Sarrera

Guinness Storehouse-erako sarrerak

Barman lanetan

Pinta klasearen partaideak (ezezagunak barne)
Dublin atzean

Bisitak uste baino gehiago iraun zuen eta fabrikatik irtetzerako bazkaltzeko ordua zen. Bazkalostean, Dublineko gune vikingoa, Trinity College unibertsitatea, St. Stephen´s parkea eta erdigunea (Grafton Street, Temple Bar) ikusi genituen.


Gune vikingoa

Trinity College

Trinity College

Trinity College-ko zelaietako bat

St. Stephen´s Green

Grafton Street

Molly Malone Statue

Temple Bar

Temple Bar
Merezitako dutxa hartu eta hostalean garagardo batzuk hartu genituen, pizza batzuez lagunduta. Ondoren, Temple Bar ingurura bueltatu ginen gaueko giroan murgildurik. Pinta eta musika artean pub-ak ixteko ordua iritsi zen (gogoratu hemen gaueko ordu bietan ixten dituztela gehienak) eta gogoz kontra bada ere, lotara joan ginen.
Afal aurreko garagardoa

Biharamunean, lo gutxiegi eginda, Dublin zertxobait gehiago ezagutzera abiatu ginen. Liffey ibaiaren bidea jarraituz, portu ingurura gerturatu ginen. Bueltako bidean, "Aviva Stadium" eta beste zenbait gune garrantsitzu ikusi genituen. Bazkal aurretik Dublineko kale nagusira gerturatu ginen, O´Connell street-era hain zuzen ere. Inguruan bazkaldu eta arratsaldean "National Gallery" eta "National History" museoez gozatzeko beta izan genuen. Neka-neka eginda, hostaleko gelan atseden pixka bat hartu genuen. Berriz zertxobait atondu eta "Hard Rock" taberna famatura joan ginen garagardo bat hartzeko gogoarekin. Afaldu eta erdigunetik ibilaldi motz bat egin ostean, "Abbey Court" hostalera bueltatu ginen.


Liffey river

Liffey river


O2 Theatre

Norabide ugari

Aviva Stadium

Grand Canal Theatre

O´Connell Street

The Spire

Izozkiaz gozatzen eguraldi paregabearekin

Natural History Museum


National Gallery
Hard Rock Dublin

Amerikar kutsuko jatetxean afaltzen Janire eta Pablorekin batera
Gaur, astelehena, irlandako hiriburua agurtzeko eguna izan da. Hala ere, bueltako autobusa hartu aurretik bertako "Wax museum" edo argizarizko museoan izan gara. Ohartuko zineten bezala, argizariz egindako hainbat pertsonaia famatu eta ez hain famatu ikus daitezke bertan, munduko hainbat hiriburutan daudenen antzera.


Wax Museum

Aitortu beharra daukat asko gustatu zaidala Dublin. Gauza ugari dauzka ikusteko, interesgarria, gaueko giro ona du eta hiria bera ere polita da. Egun gehiago eskeintzea merezi duen hiria da baina, zoritxarrez, guk ez dugu izan horrelako aukerarik. Hortaz, noizbait berriz bueltatzeko esperantza eta gogoa daukat.





Ah! Ahaztu baino lehen esan beharra daukat kasualitatez elgoibartar batekin topo egin nuela atzo, a zer nolako kasualitatea!

Lehengo hildora itzuliz, arratsaldeko 3ak aldean iritsi gara Corkera. Nire gauzak pixka bat txukundu eta hemen naukazue zuei nire asteak eman duena ahalik eta hobekien kontatzen.

Besterik gabe, nire aste hontako bizipenak interesgarriak eta dibertigarriak iruditu zaizkizuelakoan, jaso ezazue besarkada bero bat.

ONDO IZAN!!!


No hay comentarios: