2013/05/27

11. ASTEA: The Final Countdown



Kaixo irakurle!

Abesti ezagun honek dioen moduan, etxera bueltatzeko egunak zenbatzen hasiak gara. 5 egun, 5 besterik ez eta berriz Elgoibar zapaltzeko aukera izango dut. Baina tira, bueltatzeko presarik ez dudanez, ez nahiz gehiegi arduratuko horrekin. Denborak bere bidea egin dezala eta listo!

Beno, eta orain bai, aste honek eman duenarekin hasiko naiz.

Egia esan, gertakari interesgarriagoak izan dituen asteak bizi izan ditut, baina iganderoko zitari ezin hutsik egin.

Orokorrean, bi gauza aipatuko nituzke aste honetatik: eguraldia eta lana.

Batetik, ez ohiko eguraldia eduki dugu azken egunotan. Atzo arratsaldean berau petraldu bazen ere, asteartetik ostiralera bitartean eguzkiak bere agerraldia egin du. Tenperatura goxoagoekin, ibilaldi zein korrika saioak egiteko aprobetxatu dut, beraz. Hala ere, haize irlandarrak edozein unetan astindu ditzake gure ileak, eguzkiaren efektua ezerezean utziaz.

Bestalde, lana aipatu nahiko nuke. Ostiralean Galvin´s Wines & Spirits enpresako praktikak bukatu nituen. Edukitako arazo txikiak izanda ere, esperientzia oso baliagarria izan da eta oso gustura sentitu naiz lankideekin. Bi hilabete eta erdian nire lantoki izan dena agurtzeko, bertako kide batzuekin argazki bat atera nuen, bizi osorako oroitzapen polit bat izango dena, inondik inora.


Azken egunak izaki, asteburu hau hemen biziko dudan azkena izan da. Berezitasun kutsu horrekin, aspaldiko partez, larunbata atseden hartzeko aprobetxatu nuen. Ostiral gauan ere zerbait hartzera irten ginenez, ondo etorri zitzaidan lasaitasun apur hau. Hala ere, beti dago zer egin, etxeko lanak kasu.

Larunbat arratsaldean, gutako gehienok batu ginen azken asteburua ospatze aldera. Etxean garagardo batzuk hartu ostean, erdigunean dagoen Old Oak pub-ean pasa genuen gaua. Beno gaua, hemen goizaldeko ordu bietan isten dituzte pub zein diskotekak... Hala ere, ospakizun gogoekin jarraitzen genuenez festa zertxobait luzatu zen.

Ez arduratu, "txupito" bakarra izan zen!
Imaginatuko duzuen bezala, gaurko eguna ez da produktiboegia izan. Bazkalostean, 15 minutu ingurura dagoen lakutxo batera gerturatu naiz, gorputz eta arima garbitzeko. Ondoren, ohi bezala, erresidentziako kiroldegira joan naiz. Jacuzzia, turkiar bainua, igerilekua....denetarik probatzeko eguna izan da gaurkoa. Hori gutxi ez, eta igerileku berak duen txirristan ibili gara jolasean, umeen pare.

Gaurko gaua lehen agurrak egiteko unea izan da ere. Gutako 3 lagun etxera joango dira bihar eta agur esateko aprobetxatu dugu igandearen azken tartetxoa.

Hortaz, hau izan da 11. aste irlandarrak eskaini didana. Hurrengo asteko sarrera azkena izango da, nire abentura amaierara iritsiko da eta.

Baina horretarako 7 egun geratzen direnez, denbora topera aprobetxatzen saiatuko naiz. Gainera, azken egunak libre izanda egiteko interesgarriak dauzkat buruan bueltaka.

Hurrengo astera arte lagunok!

ONDO IZAN!!!

No hay comentarios: